martxelo otamendi

Kirolariak eta euskara

2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Errazagoa da, noski, Espainiako justiziak Hego Euskal Herrian dauzkan hainbat magistratuk euskararen normalizazioaren aurka kaleratzen dituzten ebazpenak kritikatzea, sentimentalki gertuago dauden kirol taldeak kritikatzea baino, hainbatetan, gure hizkuntzari merezi duen tratamendua ematen ez diotenean. «Horrelakoa da bizitza» esaten erakutsi zigun Fermin Muguruzak.

Aukera ederra galdu zuen herenegun Athleticek Espainiako Kopa irabazi zuten jokalariei egin zieten harrera jendetsuan —Bilbo inguruan inoiz egin den jende bilkurarik handienean— euskarari presentzia esanguratsua emateko; gutxienez, berdintasunezkoa gaztelaniarekin.

Klubak azken urteotan euskararen normalizazioarekin daukan konpromisoa dudatan jarri gabe, nola da posible horren ondo antolatuta zegoen ekitaldian inork erreparatu ez izana euskarak eduki behar zuen lekuari. Dena biribil atera zen, euskararen erabilera izan ezik.

Aspertzeraino esan digute adituek zein garrantzitsua den gazteentzako erreferenteak diren pertsonek —jokalariak ostegunean— euskara erabiltzea, are gehiago harrera ekitaldi hura bezalakoetan. Bizkaian euskarak daukan ehunekoaren dezente azpitik geratu zen haren erabilera.

Mikrofonoa ez zen izan euskararen aliatua egun horretan, normalizazioaren zoritxarrerako.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.