Urriaren 7an Hamasek Israelen 1.200 lagun baino gehiago hil zituen ustekabeko erasoa egin zuenetik, Israelek erakutsi du ez daukala mugarik palestinarren aurkako sarraskian, eta haien ustez hil beharreko guztiak hilko dituela: izan talde armatuetako milizianoak, osasun arloko langileak, herritar arruntak. Larri ikusi ditugu egunotan Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinak ere.
Ez da NBE munduan bereziki errespetu handia irabazita daukan erakundea. Arlo sozialeko lan eraginkorrak ematen dion ospea —herrialde txiroetako goseteak eta osasun zerbitzuen eskasia, genero berdintasuna…— ahuldu egiten da nazioarteko politikak erakunde horren atea jotzen duenean. Palestinako auzia da, inongo auzirik izatekotan, erakunde horren operatibitate politikorik eza argien erakusten duena. 1947an Israelek eta Palestinak estatu bana izatearen aldeko ebazpena onartu zuenetik, ezin konta ahala erresoluzio hartu ditu Israelen jokabidea legez kanpokotzat joz. Alferrik.
NBEren kasko urdinak duela 79 urte sortu ziren gerra bateko bi aldeen bitarteko armada bakegile gisa. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erabaki du Israel eta Libano arteko kasko urdinek enbarazu egiten diotela bere helburu hiltzaileak lortzeko —lekuko arriskugarriak nonbait—, eta abisu pare bat eman die lur horietan aspalditik dauden kasko urdinei, ahal den azkarren alde egin dezaten.