Mahsa Rostami emakumezko aktore irandarrak euskarazko eskertzearekin bukatu zuen Donostiako Zinemaldiko Klausuran jaso zuen saria eskertzeko mintzaldia. Egun batzuk lehenago, Javier Bardem aktore espainiarrak, bederatzi minutuko hizketaldian, ez zuen hitz bat bera ere esan euskaraz Donostia Saria jaso zuenean. Sari bera jaso zuen Pedro Almodovarrek «Gabon Donostia» ziztrin bat esan zuen.
Zerk bultzatzen ditu Zinemaldian parte hartzen duten zinema munduko eragile ez euskal herritarrak —zuzendariak, aktoreak, ekoizleak...— euskaraz ez jakin arren, hitz batzuk, esaldi batzuk ere bai batzuen kasuan, euskaraz esatera?
Rolling Stones mitikoek 2003an San Mames zaharrean eman zuten kontzertuan, «Gabon Bilbo, azkenik hemen gaude» esan zuen euskaraz Mick Jagger are mitikoagoak. Zerk edo nork animatu zuen keinu hori egitera? Kantariari sortu zitzaion edo kontzertua antolatu zuen Athleticeko baten batek iradoki zion?
Eta zerk bultzatzen ditu beste batzuk, espainiarrak bereziki, euskaraz ezer ez esatera nahiz ederki jakin euskara dela herri honetan berezko hizkuntza?
Zinemaldiko jabetzaren %75 daukaten Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala —beste %25 Espainiako Gobernuarena da— ez al dira haserretzen espainiar sarituen jarrera hori ikustean?
Ikerketa interesgarria litzateke alderatzea kanpotar ez espainiarren jarrera espainiarrenarekin.