martxelo otamendi

Kaledonia Berria, 'sui generis'

2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Giro beroa dago Frantziak Ozeanian daukan kolonian, pazientzia bukatzen ari zaielako kanakei. Haien mendeko kolonien deskolonizazio prozesuak dauzkaten estatu askok egin ohi duten bezala —marokoarrez bete zuen Marokok Saharako errolda, inoiz erreferenduma egin beharko balitz ere—, Paris beti saiatu da Kaledonia Berriko errolda frantziarrekin betetzen.

Duela gutxi, Asanblea Nazionalak erabaki zuen Kaledonia Berriko hauteskundeetan botoa eman ahal izango dutela kolonian gutxienez hamar urte bizitzen daramaten frantziarrek. Independentziazaleek paristarren jukutriatzat hartu dute erabakia, eta kalera irten dira, eguneroko aktibitatea blokeatuta.

Istilu larriak gertatu dira egunotan —zazpi hildako, bost protestari eta bi polizia—, eta Frantziak neurri gogorrak hartu eta oinarrizko eskubideak murriztu ditu, eta etxeratze agindua ezarri du 18:00etatik 06:00etara. Orain arte Europako inongo gobernuk hartu ez duen erabakia ezarri du: Tiktok sarea itxi du Kaledonia Berrian, istiluak zabaldu eta koordinatzeko tresna dela leporatuta.

Berriki, bi erreferendum egin dituzte Kaledonia Berrian independentziazaleek eta Parisek adostuta; 2018an eta 2020an. Bietan galdu egin zuten independentziazaleek, %43rekin eta %46rekin. 2021ean egindakoan ez zuten parte hartu Frantziatik aldentzearen aldekoek.

Sui generis kolektibitatearen aitortza dauka Kaledonia Berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.