Hamabi urte hil zela gure herrian azken mendean eduki dugun pertsonarik emankorrenetako bat. Txillardegi. Militante abertzalea, idazle berritzailea, hizkuntzalari oparoa, euskararen ekintzaile nekaezina, soziolinguistika modernoaren sortzailea...
Izenik ez daukan Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzea proposatu du behin eta berriro Txillardegi Herri Ekimenak, era guztietako gestioak eginda. Ez du proposatu, oraingo musika kioskoa eraitsita, Ilargitik ikusiko den mausoleo erraldoia eraikitzea Bulebarrean.
Beti jo du proposamen horrek PSEk eta EAJk gezur historiko baten gainean sortutako barrikadaren aurka. Aitzakia, ezen ez arrazoia: Txillardegi ETA «erakunde terroristaren» sortzaileetako bat izatea. Gezurra da, eta badakite.
Txillardegik ez zuen sortu erakunde armatu bat, eta komeni da gogoratzea 1967an utzi zuela Txillardegik ETA, erakunde horrek izaera eta praktika armatua hartu baino urtebete lehenago.
Zein irizpiderekin ukatzen diote errekonozimendu hori bere afiliatuen eta goi kargudunen artean borroka armatua praktikatu zuten ETAko kide ohiak —inolako autokritika publiko exijentziarik gabe— eduki dituzten PSEk eta EAJk?
EAJk ez dio barkatzen Txillardegiri jeltzaleekin eduki zuen jarrera kritikoa. Hori da arrazoia.