Kezkatzen dute Errusiako buruzagi Vladimir Putin Mendebaldeko agintari politiko nagusiek Ukrainari babesa emateko behin eta berriro egiten dituzten gailur diplomatikoek? Duela hiru urte errusiarrek Ukraina inbaditu zutenetik, aurpegi garrantzitsu bezain erabakitzaile bat erori da bilkuretako argazkietatik: AEBetako presidente Joe Biden zegoen lekuan, ez dago oraingo presidente Donald Trump. Ez dago, eta, argazkian agertzen direnek nahiko luketen arren, ez da egongo. Badirudi Trumpek, argazki batean egotekotan, nahiago duela Putinekin egon.
Zergatik pentsatu behar dugu Biden argazkian zegoenean ere NATOk ez bazituen soldaduak bidali benetako gerrara —ez inguruko herrialdeetan eta itsasoetan itxura egitera—, Europako Batasuneko estatuek eta Kanadak soldaduak bidaliko dituztela orain Ukrainan borroka egitera? AEBak zeudenean ez, eta AEBak gabe bai? Europako agintarien ahuldadea da Putinen indarra, bai baitaki Ukraina ez dela militarki ezer AEBak gabe.
AEBak berriro argazkira itzultzeko ahalegina egitea hitzartu zuten Londresen agintariek larunbatean. Zer egingo dute agintari horiek AEBek berriki hartu duten jokabideari eutsi eta argazkira itzultzen ez badira?
Horrek kezkatzen du benetan Putin, ez bilkuretako argazkietan agertzen diren aurpegi irribarretsuek.