Prentsaurrekoko azken esaldia izan zen, ahoa itxi bezain fite alde egin zuen ziztu batean prentsa aretotik, bere zinegotziak eta kolaboratzaileak atzetik eramanez. Komunikabideen aurrean hitz egitea zen udaletxean, alkate ardura galdu zuen egunean, zeukan azken ekitaldia.
Prentsaurrekoaren hasieran, minutu batzuk lehenago zentsura mozioaren ekitaldian batzar aretoan esandakoak errepikatu zituen, tonu gogor baina lasaian, krispaziorik gabe. Kazetarien galderekin, denak interesgarriak eta errespetuz egindakoak, hasi zitzaion tentsio igoera adierazten zuen aurpegia gogortzen. Eztabaida tonua hartu zuen erantzunetan, eta osatu berria zen gobernuarekin zer jarrera hartuko zuen galdetutakoan haserretu zen erabat; azkar hitz egiten hasi zen, suminduta, kazetariei errieta eginez, alkatetza galtzea kazetarien eragina izan balitz bezala.
«Eguneko titularra», adierazi zion zutabegile honek aretoan gertu baina ideologian antipodetan dagoen aspaldiko kazetari ezagunari. Segundo batzuetako isiltasunak hartu zuen aretoa, bertan geundenak ustekabean harrapatuta. Abagunea eduki arte isilik gordeta, baina pentsatuta, eduki balu bezala bota zuen Cristina Ibarrolak nahiago zuela eskailerak garbitu EH Bilduri babesa ematea baino.