Inork espero bazuen Venezuelako presidentetzarako uztailaren 28an egin ziren hauteskundeen emaitzei buruzko eztabaida gobernuaren eta oposizioaren arteko itun batekin bukatuko zela, hobe du itxaropen hori beste kausa bati dedikatzea.
Venezuelako fiskaltzak askoren ustez hauteskundeak irabazi zituen Edmundo Gonzalez atxilotzeko agindua emateak esan nahi du huts egin dutela Venezuela kanpoko bitartekarien ahaleginek, eta Nicolas Maduro presidenteak erabaki duela errotik moztea akordio ahalegin horiek, alegia, fase hori bukatutzat ematea. Bost delitu egozten dizkiote Gonzalezi; larriena, hauteskundeetako aktak webgune batean argitaratzea.
Bi eskaera nagusi egin zizkioten Madurori hauteskunde ondorengo egunetan bitartekaritzari ekin ziotenek —agerikoek eta ezkutukoek—, akordiorako aukera zegoelakoan. Lehena, errepresio bortitzarekin ez segitzea —manifestariak ez hiltzea, eta terrorismo delitua ez leporatzea kalean manifestazioa egiten ari zirenei—, eta bigarrena, eta garrantzitsuena, oposizioko buruzagiak —Edmundo Gonzalez, eta benetan agintzen duena, Maria Corina Machado— ez atxilotzea.
Gonzalez sasian dago hauteskundeetan gobernuak egindako ustezko iruzurraren aurka Caracasen oposizioak uztailaren 30ean egindako ekitalditik. Orduz geroztik, bideoan bakarrik agertu da.
Mahaian kolpea jota itxi nahi izan ditu Madurok leihatila guztiak.