martxelo otamendi

Israelen inteligentzia

2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Asteburu honetan jakin dugu, New York Times-eko kazetari pare batek argituta, duela urtebetez geroztik esku batetik bestera ibili dela Israelgo segurtasun agentzietan txosten bat nahiko informazio zehatza ematen zuena, urtebeteko aurrerapenarekin, Hamaseko gerrillariek urriaren 7an Israelen 1.200 biktima eraginez egin zuten multierasoaz.

Zutabegile hau ez da sekula konspirazio tesien aldekoa izan. Ez zuen inoiz pentsatu AEBetako irailaren 11ko erasoak AEBetako zerbitzu sekretuek antolatu zituztenik Irakeko inbasioa aurrejustifikatzeko, eta ez zuen sekula sumatu Bill Gatesen esku manipulatzailea COVID-19 pandemiaren atzean. Zaila da, hala ere, ulertzea munduan segurtasun produkturik aurreratuenen —Pegasus...— saltzailerik eraginkorrenak nola egin dezakeen horrelako hanka sartzea eta ez aurreikustea Hamasen eraso jendetsua.

Dokumentua irakurri duten bi kazetari horiek diotenez, duda da Benjamin Netanyahuren begietara iritsi ote den 40 orrialdeko eta Jerikoko Horma izeneko iragarpen hura. Oso informazio xehetua ematen zuen erasoaren jomugez: Gaza inguruko gotorlekuak, hiriak, militarren egoitza nagusiak...

Palestinarren genozidioa eraginda —15.000 hildako hilabete batean— estali nahi du Netanyahuk segurtasun porrota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.