Israelek nahi duena hiltzen du, nahi duenean eta nahi duen tokian. Ondorio horretara irits gaitezke herenegun Libanon Hezbollahko milaka kideren aurka —eta haien ondoan zeuden milaka herritarren aurka— egindako eraso sofistikatua ikusita.
Duela urte dezente, 1996an, Txetxeniako presidente Dzhokhar Dudaiev hil zuen Errusiako inteligentziak, hura telefonoz hizketan ari zela. Deiaren arrastoa satelitez segituta, misil bat bota zuten Dudaieven aurka, justu Errusiako Gobernuko buruzagi batekin bake elkarrizketei berriro nola ekin hizketan ari zela. Errusiarrak agindu bakarra zeukan: hizketaldia luzatzea sateliteak Dudaiev mapan kokatu eta misila jaurti bitartean.
Urte berean, 1996an, Israelek antzeko ekintza batean hil zuen Hamasek egindako atentatu askoren ustezko teknikari Yahya Ayyax. Israelgo zerbitzu sekretuek, Ayyaxen taldean zeukaten sator bat erabilita, 50 gramo lehergai sartu zizkioten mugikorrean. Dei bat jasotakoan, mugikorra lehertu zitzaion belarri ondoan Ayyaxi.
Beste urrats teknologiko bat egin zuen asteartean Israelek, zehazki nola egin zuen oso argi ez badago ere. Gure artean museoko pieza diren baina telefono bidezko kontrola saihesteko Hezbollahko kideek erabiltzen dituzten milaka bilagailu manipulatu omen ditu Israelek, bakoitzean leherkari gramo batzuk sartuta.
Kolaboratzaile sare sendoa behar da hori egiteko. Kanpoan eta Hezbollahn.