martxelo otamendi

Iranen proba erreal baina neurtua

2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Elkarri min eta kalte konponezinak egin nahi ez dizkioten jokabidea daukate Israelek eta Iranek, iragan asteburuan ikusi dugunez.

Israelek eraso larriak egin dizkio Irani azken urteotan. Zientzialari nuklear irandarren hilketa Iranen bertan, eta Iran sumindu zuen Iraultzaren Zaindarien jeneral ospetsu batena. Bestalde, Iranen babesa daukan Hezbollahk urteak daramatza Israeli eraso egiten Libanoko hegoaldetik.

Mohammad Reza Zahedi jeneralaren hilketaren mendekuz —duela bi aste hil zuten israeldarrek Damaskon—, Iran behartuta zegoen maiz Israelen aurka egin dituen baina orain arte inoiz bete ez dituen mehatxuak betetzera. Eraso bortitza edo leuna egin, hori erabaki beharra zuen Teheranek. Bigarrenaren alde egin du asteburuon, Israelera ehunka misil eta drone jaurti arren.

Iranek, modu sinesgarrian baina zeharkakoan, jakinarazi zion Israeli erasoa egingo ziola. Israel inguruko herrialde arabiarrei aurreratu zizkien Iranek bere asmoak, jakinda abisua ziztu batean iritsiko zela Washingtonera eta, azkarrago oraindik, Washingtondik Tel Avivera. Ostiralean aurreratu zuen AEBetako presidente Joe Bidenek Iranek eraso egingo ziola Israeli.

Iranek misilen eta droneen aurkako defentsak prestatzeko denbora eman nahi izan zien Israeli eta AEBei, egitera behartuta zegoen erasoak ondorio larriak eduki ez zitzan. Eraso neurtua egin dio Iranek Israeli, inguruko geopolitika dagoena baino gehiago ez harrotu baina, era berean, abisua emateko Israeli eta AEBei ez duela bere jeneralen aurkako beste erasorik onartuko.

Bide batez, zer gerta ere, Iranek proba erreala egin du Israelen defentsa gaitasuna neurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.