martxelo otamendi

Irabazlea, Beskoitzeko ikastola

2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Aurreneko aldia izango da ikastola baten auziak udal hauteskundeak aurreratzera behartu duena. Beskoitzen (Lapurdi) gertatu zen igandean. 2013an sortua, oso egoera kaxkarrean —moduluetan— aritu den herriko ikastolari egoitza propioa edukitzeko arazoak jarri zizkion udalak. Ikastolak mobilizazioak antolatu zituen, eta herriko eztabaida gai nagusia izan da azken hilabeteotan. Ororen gainetik, Fabienne Aiensa auzapeza nabarmendu zen ikastolaren egoera normalizatzeko nahiari oztopoak jartzen. Oso denbora laburrean, gertaera kate bat etorri zen: zinegotzi batzuek dimisioa eman zuten; ondorioz, Aiensa auzapezak berak eman zuen dimisioa, martxoan, eta hauteskundeak aurreratu zituzten.

Auziak ondo erakusten du euskarak gure hainbat herritan —ez Ipar Euskal Herrian bakarrik— sortzen duen sentsibilitate talka. Alde batetik, dagozkion eskubideekin normaltasunez landu nahi dutenak, eta, bestetik, Frantzia pitzatu nahi dutenen hizkuntzatzat jotzen dutenak. Belaunaldien arteko talka ere bada tartean.

Hiru zerrenda lehiatu dira igandean Beskoitzen. Hiruek adierazi dute ikastolaren aferari irtenbidea emateko asmoa, eta parte hartzeak —%70— ondo adierazten du auziak sortu duen interesa. Auziari begiratzeko hiru sentsibilitate desberdin aurkeztu ziren. Jarraipeneko zerrendak, Fabienne Etxegarai buru, %35 lortu du; euskaltzaleek eta abertzaleek bultzatutakoak, Haritza Camblong izan da zerrendaburua, %28 lortu du. Irabazlea, %37rekin, bere burua bi zerrenda horien artean kokatu nahi izan duen Pascal Jocou izan da.

Bigarren itzuliaren emaitzen zain, Beskoitzeko ikastolak irabazi ditu hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.