martxelo otamendi

Iñaki Uria, euskalgintzako xerpa

2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Indarrik gabe eta zaharkituta geratzen ari zen Zeruko Argia astekarian sartu eta lurreko Argia bihurtu zuen gazte talde ausarteko kideari ere iritsi zaio erretiroa —profesionala bakarrik— hartzeko garaia: Iñaki Uria, azken hamarkadotan euskarazko prentsan egon diren gailur gehienen ezinbesteko xerpa, motxila astunak bizkarreratzeko inolako aitzakiarik hartu ez duena.

Biziko baziren, Egin-en asteleheneko edizioan arituta lortzen zituzten Argia-tik eskuratu ezin zituzten sosak, atsedenerako tarterik gabe. Eusko Jaurlaritzak EITB sortu zuela ikusita, premiazko iritzi zioten euskarazko egunerokoa egiteari; Argia-ri eustearekin batera, Euskaldunon Egunkaria sortzeko lanean sartu zen Uria buru-belarri, ilusioaren pioletarekin malkar nekagarriak gaindituta. Baita sortzea lortu ere.

Egunkaria sortzeko garaian —eta lehen lau urteetan— EAJren esku zeuden erakunde politikoen boikota jasan behar izan zuen proiektuari eutsi zion zutabe nagusietako bat izan zen Uria makurrezina. 2003an estatuaren atzaparrak pairatu zituen: Euskaldunon Egunkaria itxi, torturatu eta urte eta erdiz eduki zuten espetxeratuta; inolako deliturik egin gabe, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuenez.

Ibilbide emankorraren azken urteak, zuzendari nagusiaren ardurarekin, Hamaika telebistari dedikatu dizkio, 2006an sartu zenetik.

Poztuko dira Pirinioetako mendi tontorrak, Iñakik erretiroa hartu duela ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.