1980an eskoletan hizkuntza murgiltzea abiatu zutenetik, katalana izan da Kataluniako geletan irakasteko hizkuntza. Irizpide hori eskola guztietan betetzen zen ustea geneukan, baina halako batean jakin genuen ez zela horrela erabat. Bazeudela irakasleak, haiek horrela erabakita eta Hezkuntza Sailaren irizpideen aurka, eskolak gaztelaniaz ematen zituztenak. Ikuskariek ez zituzten salatzen, ez zirelako asko, eta zaratarik ez ateratzeko.
Katalunian gurutzada eskoletan egin zuten duela hamar urte, murgiltze eredua auzitara eramanda. Epaileek ebatzi zuten eskolen %25 gaztelaniaz eman behar zirela. PSCk ere babestu zuen erabaki horri itzuri egiteko Parlament-ek egindako legea. Eztabaida, oraingoz, isildu egin da.
Katalunian eskoletan erabiltzen saiatu ziren estrategia bera erabiltzen ari dira gure herrian erakunde publikoetako lan deialdiekin: euskara eskatzen badute epaitegietara eramatea, ikusi baitute epaile batzuen laguntza daukatela euskarari hegoak moztu eta hizkuntza jakin gabe edo eskas jakinda lanpostu publikoak lortzeko.
Euskaraz ondo jakitea, C1 esaten zaion maila edukitzea eskatu berri dute Usurbilgo eta Astigarragako udaltzain izateko deialdietan, mundu guztian egiten den legez. Jarritako helegiteen arabera, nahikoa da gutxiago jakinda.
Harrapatuta gauzkate sare judizialean, eta ez dakigu nola atera.