martxelo otamendi

Hego Korea presidente gabe?

2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Diziplinatuak izateko fama daukate hegokorearrek, lanean metodiko bezain sendo agintarien politiken aurkako mobilizazioetan. Gogoangarriak izaten dira herritarren protestak agintarien erabakiak gustukoak ez dituztenean.

Normalean ezusteko gutxi ematen du Hego Koreako egoera politikoak, baina oso nahastuta dabil asteotan; legebiltzarrak duela egun gutxi kargugabetutako presidente Yoon Suk-yeolek, erabakiari muzin egin, eta karguari helduta segitzen baitu. DNAn daramaten seriotasun politikoa beste baterako uztea erabaki du Suk-yeol presidenteak.

Gero eta nahasmendu handiagoa eraginez, legebiltzarrak presidentea kargugabetzeko erabakiari erantsi behar diogu presidentea atxilotzeko auzitegi batek berriki hartutako neurria. Baina presidentea ez dago egoera errazteko prest: bere egoitzan gotortu, eta atxiloketa eragoztea agindu dio bere segurtasun zerbitzuari.

Harrigarria da —gure begi politikoetatik ikusita— legebiltzarrak presidentea kargugabetzeko abenduaren 14an hartutako erabakia ez izatea exekutiboa, alegia, ez izatea aplikazio zuzenekoa. Azken erabakia Auzitegi Konstituzionalak hartuko du, eta ekaina bitarteko epea dauka. Nola egon liteke Hego Korea bezalako herrialde bat horrenbeste denbora jakin gabe presidente bat daukan edo ez?

Pozik egongo da goiko bizilaguna, Kim Jong-un.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.