martxelo otamendi

Hauteskunde eztabaida derrigorrezkoa?

2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kolonbian 2022ko ekainean egin ziren presidentetzarako hauteskundeetan bi hautagai zeuden: Rodolfo Hernandez enpresari eskuindarra, eta ezkerreko Gustavo Petro. Alde txikiarekin —botoen %50,44rekin— lortu zuen Petrok presidentetza.

Aurrez aurrekoan Hernandez baino askoz bizkorragoa zelakoan, behin eta berriro proposatu zion Petrok bien arteko hauteskunde eztabaida egitea. Hernandezek ez zuen inolaz ere egin nahi. Petroren ingurukoek eztabaidaren aldeko eskaera egin zuten Auzitegi Gorenean, argudiatuta herritarrek eskubidea zeukatela bi hautagaien proposamenak eztabaidan alderatzeko. Gorenak bat egin zuen eskaerarekin, eta eztabaida egiteko agindu zien bi hautagaiei. Hernandezek ez zuen egin nahi izan, ez zuen bete Gorenaren agindua, eta ez zitzaion ezer gertatu.

Egunotan jakin dugu Espainiako Gobernuak legean egingo duen aldaketa baten ondorioz derrigorrezkoak izango direla hauteskunde eztabaidak, eta ez, orain arte bezala, borondatezkoak. Benetan behartu liteke hautagai bat eztabaidan parte hartzera? Eta ez badu nahi, zer egingo diote?

Alemanian, zerrendaburuak behartuta daude hauteskunde gauean, behin emaitzen berri jakinda, Elefanteen Erronda esaten zaiona egitera, alegia, telebista eztabaida egin behar dute haien artean: balorazioa, aliantzak… Audientzia handia edukitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.