Aspaldi ez bezala, animatzen hasi dira EAJko lehendakaria aukeratzeko bozketak. Bi une garratz bizi izan ditu alderdiak azken hamarkadotan: EAren zatiketa 1985-1986an, eta Josu Jon Imazek eta Joseba Egibarrek lehendakaritza hartzeko 2003an eduki zuten lasterketa gogorra. Bigarren prozesu horrek alderdian zauri larriak utzi zituenez gero, ordutik egindako hauteskunde prozesuak lasaiak izan dira.
2013tik dago Andoni Ortuzar alderdiaren kargu nagusian, eta, behin jakinarazita prest zegoela ardura horretan segitzeko, bidea samurra izango zuela begitandu zitzaigun askori. Ez du ematen hala izango denik. Prozesua hasi eta gutxira jakin genuen proiekzio publikorik gabeko afiliatu batek aurkeztu duela hautagaitza: Etxebarriko zinegotzi Eneko Lekuek. Zer proposatzen du desberdina Lekuek?
Beste bat izan da, ordea, ustekabea: oihartzun mediatiko handia daukan Aitor Esteban hasi dira proposatzen lehen itzulian hainbat batzokitan. Animatuko da Esteban Ortuzarrekin lehian sartzera ikusten badu hurrengo egunetan gero eta batzoki gehiagotan bere alde egiten dutela? Ez dugu ahaztu Estebanek irrati batean duela gutxi esan zuena: «Ohorea litzateke alderdiko presidentea izatea». Txantxetan bakarrik esan zuen?
Ez litzateke kaltegarria izango —alderdi batzuek egiten dute— hautagaien arteko eztabaida publikoak egitea.