martxelo otamendi

Hamasen ahuldadea

2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero izatekoa zen, inork ez zeukalako dudarik Israelek ostera ekingo ziola Palestina txikitzeari, mapatik desagerrarazi arte. Duda bakarra zegoen Israelen jokabideari buruz: Hamasek bere esku dauzkan bahitu guztiak askatu arte itxarongo zuen erasoekin segitzeko, edo aurretik egingo zuen. 

Oraindik bahituta daudenen senideek mila aldiz, eta mila modu desberdinetara, eskatuagatik —alegia, denak etxean egon arte bizitzak arriskuan jar zitzakeen ezer ez egiteko—, Israelek garbi utzi du ez dagoela prest epekako negoziazioekin eta akordioekin segitzeko. Askatzeko geratzen diren dozenaka bahituak berehala eta ordainik gabe askatzea exijitzen du. Israelek gutxienez 400 palestinar hil zituen atzoko sarraskian, eta europarren debaldeko hitz hipokritak sortu.

Israelek badaki Hamasek ezin dituela dauzkan bahitu horiek mendekuz hil, Israel dozenaka mila palestinar hiltzen aritu den azken urte eta erdian halakorik ez egiteko izan duen arrazoi beragatik: irudikatzen zaila egiten zaigun arren, are gogorragoa izango delako Benjamin Netanyahuren armadaren erantzuna. Israelek Hamas harrapatuta dauka ataka horretan, maniobrarako oso tarte txikia utzita. Harrapatuta eta ia bakarrik, Israelen jokabidearekin kritiko diren herrialde europarrek ez dutelako taxuzko ezer egiten. 

Geratzen al da ezer txikitzeko Palestinan? Bai, Zisjordania.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.