Laudioko Guardian Glass enpresa gaur hasiko da beira ekoizteko erabiltzen duen labetzarra itzaltzen, azken orduan kontrako erabakirik hartzen ez badu. AEBetako jabeak dauzka enpresak, eta aurreratu du sei hilabete barru itxiko duela erabat lantegia, 171 langile kale gorrian utzita. Enpresariek argudiatu dute labearen pareta baten egoera txar eta arriskutsuak behartuta hartu dutela erabaki hori. Argitu ez dutena da pareta horren egoera lehenago konpontzeko ahalegina egin zuten edo, lantegia ixteko asmoarekin, erortzen utzi duten.
Ekonomia hazten ari den garaiotan, asko luzatzen ari da ixteko abisua eman duten enpresen zerrenda. Zer egin dezakegu kasu horietan? Ezinbestekoa da aztertzea itxi nahi duten enpresa bideragarria den, alegia, etorkizunik ba ote daukan. Erantzuna baiezkoa bada, langileek —zuzenekoek eta zeharkakoek— eta gure herriak eskubidea daukagu lantegi horiek itxi ez daitezen, jendearen etorkizuna ezin dutelako enpresarien apetek erabaki. Enpresariek ez badute segitu nahi, gizarteak tresna legalak behar ditu lantegi horiek bereganatzeko.
Legeak aldatu egin beharko dira, lan pedagogikoa egin beharko da herritarrek ez dezaten mamurik ikusi ez dagoen lekuan, baina ekonomiari ezin zaio kalte hori egin, langileak kalean utzita.
Zaila? Bai, noski. Gauza zailagoak lortu dira.