martxelo otamendi

Gorenaren isuna foruzainei

2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pintza —edo aliketa?— egin diote Nafarroako autogobernuari Jucil guardia zibilen elkarteak eta Espainiako Auzitegi Gorenak. Magistratuek, helegitea jarri zuen Jucili arrazoia eman, eta ebatzi dute Nafarroako Gobernuak ezin duela trafiko eskumena erabateko esklusibotasunarekin bere gain hartu Espainiako Gobernuak eskualdatzea egiteko orduan lege arloko akatsa egin zuelako.

Iazko udaberrian bi gobernuek lortu zuten akordio horren arabera, susmo txarrak uxatzeko edo, Nafarroan trafiko zerbitzua eskaintzen ari ziren nahi adina guardia zibilek —kopuru mugarik gabe!— eska dezakete foruzain bihurtzea.

Gorenak esan du eskumen hori ez dagoela Foru Hobekuntzan aurreikusita, eta ez dagoela eskubide historikoen artean. Autonomia estatutuetan ez dauden zenbat eskumen utzi dizkie estatuak erregioetako eta nazioetako gobernuei? Asko.

Erraz igar liteke Jucilen helburua dela Guardia Zibila ez desagertzea —Katalunian, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu bezala— Nafarroatik eta, bereziki, errepideetatik. Zein da Gorenarena? Ez dabil oso urruti guardia zibilen helburutik.

Bi aukera daude Jucilen eta Gorenaren pintza indargabetzeko: Foru Hobekuntzan Nafarroako Gobernuari eskumena aitortu edo lege organikoa onartzea Kongresuan. Lehena luzea, bigarrena errazagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.