Joan zaizkigu COVID-19ak mundu osoan sortu zuen pandemiaren garaiko gogoeta garaiak, gure osasuna babesteko ahaleginean ari ziren zientzialarien soldata eskasekin kexatzen ginen garaiak.
Gogoeta haietan, zientzialariekin egiten dugun injustiziaren erakusgarri, usu erabiltzen genituen kirolari gazteen neurrigabeko soldatak. Zer ekarpen egiten dioten batzuek eta besteek gizarteari. Alegia, zenbat irabazten duen lehen mailako futbol talde batean hasi berria den jokalari batek. Kasu gehienetan, milioika herritarren ardura daukan bere herrialdeko lehen ministroak baino gehiago.
Telebista eskubideek eta babesleek jarritako diruak erraztu egin du kopuru horietara iristea, baina izar guztien irabaziak, ikaragarriak izanda ere, parametro batzuen barruan mugitu ohi dira. Petrolio estatuek eskua —txekea, zehatzago esanda— mahai gainean jarri duten arte: Qatar, Saudi Arabia… Erretiroa hartzear zeuden futbolari izar itzaliekin hasi ziren eta, berriki, gazteekin segitu dute.
Driver’makila erabilita, urrutira bota du pilota Saudi Arabiak, 500 milioiko kontratua eskaini baitio Jon Rahm euskal golfariari, AEBetako PGA Tourta utzi, eta saudiarabiarren Live Golf ligan jokatzeko.
Zulo handiak egin dizkie zelai berdean amerikarrei petrolioaren satorrak, approach-a egin ezinik utzita.