Behar dugun kalitatearekin eta intentsitatearekin gure ardurak hartzen ez ditugulako, beste urte batez har ditzagula eskatu ziguten atzo emakumeek, mugimendu feministak lideratuta.
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta gure herriko hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuetan parte hartu zuten emakumeek gogorarazi ziguten gizonoi asko falta dela oraindik benetako berdintasunera iristeko; hitz politak bai, baina erakundeak eta gizonezkook garela bilakaera galgatzen ari garenak. Nahi gabe, ohartu gabe, batzuetan; nahita askotan.
Asmatu egin zuten emakume adituek aurreratu zigutenean batera joango zirela emakumeen ahalduntzea eta gizonezko batzuen aurkako jarrera. Lehenen indartzeak bigarrenei nagusitasuna, boterea, kentzea ekarriko zuelako, ekarri beharko zuelako. Bete egin da iragarpena.
Gizon askok emakumeen borrokaren aurrean erakusten dituzten jarrera oldarkorrek —hilketak, indarkeria agerikoa eta ezkutukoa, erresistentzia gogorra estatus berria onartzeari, indarkeria salatzen duten emakumeen aurkako kanpaina gogorrak sare sozialetan…— desagertu behar dute gizonon eguneroko bizitzatik. Derrigorrezkoa eta premiazkoa da.
Atzo mugimendu feministak erabili zuen leloak dioenez, arazoa izan behar ez dugulako, konponbidea izan behar dugu gizonok.