martxelo otamendi

Gillotina politikoa Ciottiri

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Frantzia beti ibili da harro balio errepublikanoak erakusten, adieraziz gaur egungo demokrazia burgesaren kontzeptua balio horietan dagoela oinarrituta. Frantzia barruan dauden nazioen kalterako —euskaldunak tarteko—, errepublikanoa eta jakobinoa zoritxarreko sinonimoak dira oraindik. Eta ez galdetu balio horiez Parisen mende egon diren eta dauden kolonietan: Aljeria iraganean, eta Kaledonia Berria gaur egun. Besteak beste.

Gure inguruko politikagintzan oso gutxitan ikusitakoa ezagutu genuen herenegun Frantzian. LR Errepublikanoak alderdiko zuzendaritzak aho batez erabaki zuen alderdiko lehendakaria, Eric Ciotti, alderditik botatzea; Ciottik hurrengo asteotako hauteskunde legegileetan Marine Le Pen ultraeskuindarrarekin batera joatea egokia izan litekeela esan bezain fite erabaki zuten zuzendaritzakoek hura botatzea. Gillotina politikoa, hitzaren adierarik errepublikanoenean.

Badirudi Charles de Gaulle jeneralak sortu zuen eskuineko mugimenduaren jarraitzaileek eutsi egiten dietela balore errepublikanoei, eta ez daudela prest, agintetik kanpo geratzeko arriskua onartuta, eskuin muturrarekin lan egiteko. Europan gero eta gutxiago ikusiko dugun jokabidea da hori; izan ere, eskuin tradizionalaren kontura hazi den eskuin muturrak eskuin horren beraren beharra baitauka gehiengoak osatu eta gobernatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.