Zer jazoko da lehenago Galiziako panorama politikoan? PPren zatiketa galegista bat edo BNGk sorpasso egitea PPri? Askok erantzungo dute, eta ez zaie arrazoirik faltako, bi aukerak ezinezkoak direla, sekula ikusiko ez ditugulako. Beraz, PPk beti edukiko du gehiengo osoa Galizian? Ezinezkoak diruditen aukeren artean, beti bada bat bestea baino gertagarriagoa.
Igandeko Galiziako hauteskundeek erakutsi digute, PPren bosgarren gehiengo jarraituarekin, Galiziako gizartea ez dagoela aldaketa erradikalak egiteko prest; eta ez dela oheratuko botoa PPri emanez, eta biharamunean ez dela jaikiko BNGri emanez. Bi eremu konpaktu daude, ezkerra eta eskuina, eta ez da egon boto mugimendurik batetik bestera igandean. Ezkerraren eremua ez da handitu, eta BNGk, emaitza bikaina lortuta, gora egin du PSdeG eta Sumarren kontura. Zer dago eremu horretatik kanpo, boto emaile batzuk kenduta, PPren gehiengoa higatzeko? Sahara politikoa.
PPko boto emaile asko galegoa Espainiako eta Europako parlamentuetan erabiltzearen aldekoak dira, eta ondo ikusten dute irakaskuntzan galegoa nagusia izatea. Baina BNG oso urruti geratzen zaie.
Horregatik behar du BNGk PPren gehiengoa urratuko duen EAJ galego bat, zentro-eskuineko alderdi galegista propio bat, PPri %10 kenduko diona.