martxelo otamendi

G7koak Italian

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Miarritze eta inguruko herritarrei ez zitzaizkien oraindik ahaztuko 2019ko abuztuan G7koen taldeak hiri horretan egin zuen bilkurak sortutako ondorio kaltegarriak eta endredoak. Militarki bahituta, hiru segurtasun gerriko ezarrita, inor gutxik atera zion etekina Miarritzen bilkura horri. Nor gogoratzen da gero inork betetzen ez dituen adostutako ondorioez? Zertan hobetu da mundua bilkura haren ondoren? Begiratu azkar bat emanda, gatazka eta tentsio gehiago dago gaur egun munduan, orduan baino.

G20koen taldeak lagunak eta etsaiak hartzen ditu barruan, nazioarteko diplomazian dagoen antzerki talderik handiena osatuz. G7koen taldeak, G20koan antzeko gizarte eredua bultzatzen duten Mendebaldeko sei lagunak –AEBak, Erresuma Batua, Alemania, Kanada, Frantzia, Italia— eta Japonia hartzen ditu. 1998tik G8koena izan zen, 2014an Errusia taldetik bota zuten arte, Ukrainan eduki zuen jarreragatik.

Italian dabiltza egunotan G7koak, Giorgia Meloni lehen ministroa anfitrioi dutela. Aurreneko aldiz egiten ari dira G7koen bilkura lehen ministroa eskuin muturrekoa daukan herrialde batean. Duela urte batzuk kosta egingo zitzaien G7ko kideei ultraeskuindar bat onartzea taldean, balioen bateraezintasuna argudiatuta.

Nor hurbildu da urteotan noren jokabidera? Demokratak eskuin muturrera edo alderantziz? Galdetu G7koen herrialdeetan sartu nahi duten migranteei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.