Masa fenomeno guztiekin gertatzen den bezala, erpin kritiko asko dauzka goi mailako futbolak: neurrigabeko diru mugimenduak, logikarik gabeko soldatak, estatu kluben sorrera, kudeatzaile batzuen dudazko profila, barruan sartu zaizkion zale bortxazaleak kanporatzen asmatu ez izana...
Herriaren opioa erlijioa dela dioen ideia futbolera eraman nahi izan da askotan. Oso jarrera murriztailea da pentsatzea goi mailako futbolaren jarraitzaileek ez daukatela besterik buruan, eta horrek eragotzi egiten diela munduan dauden arazoez eta injustiziez jabetu eta haien aurka altxatzea. Bateragarria delako Luhusokoen epaiketaren aurkako elkarretaratzean parte hartzea eta Palestinaren aldeko manifestaziora joatea, eta gaur, lortzen badu, Athleticen garaipenarekin gozatzea.
Espainiako Kopako finala jokatuko du gaur Athleticek Mallorcaren aurka, ohikoa den oihartzun soziala sortuta. Ulertzekoa da herritar batzuei gogaikarria egitea horrelakoetan futbolak egiten duen okupazio soziala. Har dezatela pazientziarekin, batzuen zorionerako eta besteen etsipenerako, gutxitan jazotzen da eta. Gaur futbolaz gozatzeko eguna da, eta gozamen hori handiagoa izango da Athleticek kopa etxera ekartzen badu.
Bihartik aurrera, segi dezagun gure herrian eta munduan dauden injustizien eta desoreken aurkako ahaleginean.