martxelo otamendi

Frantziaren eta Aljeriaren arteko ezina

2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zakartu da ostera, aldiro jazotzen den legez, Frantziako eta Aljeriako gobernuen arteko harreman diplomatikoa. Berdin du nor dagoen agintean Matignonen eta nor El Moraudia jauregian. Lehenean, frantziar bat dago, eta bigarrenean, aljeriar bat; nahiko arrazoi ondo ez eramateko. 

Kolonizazioan eta deskolonizazioan sekulako sarraskiak egin zituzten frantziarrek Aljerian, eta aljeriarrek 1962an —ederki sufrituta— independentzia lortu zutenetik urte asko igaro arren, mina iragazi egiten da belaunaldi batetik hurrengora. 

Bi herrialdeen arteko konponezinaren azken atala atzo ezagutu genuen. Aljeriako Gobernuak bi eguneko epea eman die Frantziak herrialde horretan daukan enbaxadako hamabi agenteri herrialdetik atera daitezen. Arrazoia?

Iazko apirilean, azken urteotan Aljeriako Gobernuarekin oso kritiko den Amir Bukhors influencer-a bahitu zuten Parisen. Bahiketa harekin lotura daukalakoan, Frantziako Poliziak Aljeriako enbaxadako agente bat atxilotu zuen larunbatean. Aljeriaren erantzuna berehala iritsi da: hamabi agente frantziarrek Aljeria utzi beharko dute. 

Bi aste baino ez dira igaro Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak eta Aljeriako presidenteak harremanak goxatzeko bilera egin zutenetik.

Bi herrialdeen arteko barealdi diplomatikoak ekaitz diplomatikoak baino laburragoak izaten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.