martxelo otamendi

Feijoo, su emaile inauterietan

2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abilidade berezia dauka Alberto Nuñez Feijoo Espainiako PPko presidenteak hauteskundeak hurbiltzen direnean emaitzei kalte egingo dien hanka sartze larria egiteko.

Bi arrazoi nagusirengatik ez zuen lortu Feijook Espainiako presidentetza Espainiako azken hauteskundeetan: Voxekin udaletan eta gobernu autonomikoetan zeuzkan akordio izu eragileengatik, eta uko egin ziolako, ahuldade itxura emanez, telebista publikoaren eztabaidan parte hartzeari.

Ez du ikasi Feijook. Inauteri asteon, su emaile txantxoz jantzi eta kiskali egin dio kanpaina bere alderdiak Galiziako hauteskundeetan daukan Alfonso Rueda presidentegaiari. Nahikoa izan da Carles Puigdemontek europarlamentariei bidalitako gutun batean iradokitzea egunen batean jakinaraziko duela zer eskaini zion PPk Feijooren presidente izendapena erraztearen truke, Feijook hamasei komunikabidetako kazetariekin egindako off argitaragarri batean aitortzeko Puigdemonti indultua emateko prest egon zela. Justu hauteskundeetarako astebeteren faltan, eta inkesta batzuk adierazten ari direnean balitekeela PPk ez lortzea Xuntaren lehendakaritza bosgarren aldiz segidan emango liokeen garaipen absolutua.

Feijoo politikoki erre lezakeen material sukorra dauka Puigdemontek, Feijook, desesperatuki, bere burua egin duena egitera behartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.