martxelo otamendi

Ezin katalanez integratu

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Herrialde askotan, nazionalitatea eskuratu nahi duen migranteak, beste baldintza askoren artean, erakutsi behar du badakiela herrialde horretako hizkuntza ofizialean hitz egiten. Badu bere logika, baina soilik migrante pobrea bazara; aitzitik, txalet handia eta garestia erosten baduzu, estatuak ez dizu eragozpenik jarriko erresidentzia baimena lortzeko. Espainiako Konstituzioak argi uzten du gaztelania jakitea herritarren betebeharra dela.

Gauza bitxia gertatu da Mallorcan (Balear uharteak) eta Madrilen. Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du gaztelaniaz ondo ez zekien jatorri afrikarreko emakume bati Mallorcako Erregistro Zibileko epaile batek Espainiako nazionalitatea ukatu zion erabakia.

Hogei urte daramatza emakumeak Santa Margalida herrian bizitzen —gutxienez hamar urtez bizi behar da eskaera egin ahal izateko—, eta oso ondo moldatzen da katalanez, herri horretan nagusiki erabiltzen duten hizkuntzan. Araudiaren arabera, eskaria egiten duenak gaztelaniaz jakin behar du erakusteko ondo integratuta dagoela gizartean. Berak dio, arrazoi guztiarekin, erabat integratuta dagoela bizi den gizartean, katalanez integratuta alegia. Ez dio balio izan.

Mallorcako nazionalitatea sortu beharko dute horrelako kasuetarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.