martxelo otamendi

Ez subiranista, ez ezkerrekoa

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Igande gauean komunikabideen eta jarraitzaileen aurrean EAJk Sabin Etxean hauteskundeetako emaitzen balorazioa egiteko antolatutako ekitaldian, errealagoa zen Iñigo Urkullu lehendakariaren aurpegi goibela, sekula hauteskunde bat irabazi ez balute bezala garaipen pirrikoa ospatzen ari ziren oholtzakideena baino. Kontaketa %81era iritsi zenean, EH Bildu EAJren aurretik zihoan. Ulergarria, eta sinesgarriagoa, Urkulluren aurpegia.

EH Bilduren bi garaipen adierazgarri Bizkaian: irabazi egin dio EAJri Iñigo Urkullu jaiotako herrian, Alonsotegin, eta Imanol Pradales jaio eta hazitako auzoan, Mamarigan, Santurtzin.

Gasteizko legebiltzar berrian bi gehiengo bateraezin egongo dira: subiranista bata, ezkerrekoa bestea. EAJk eta PSEk osatuko duten gobernua ez da izango ez subiranista, ezta ezkerrekoa ere; EAJ arduratuko baita ezkerrekoa izan ez dadin, eta PSE —Hezkuntza Legea lekuko— subiranista izan ez dadin.

Hauteskunde ondorengo inkestek esango dutenaren zain —horiek dira informazio ona ematen dutenak—, igandeko emaitzek etorkizuneko proiekzio interesgarria erakusten dute. Iritzi inkesten arabera, adin piramidearen zatirik handienean EH Bildu da bozkatuena, eta EAJ 55 urtetik gorako tartean bakarrik da nagusi. Nori emango diote botoa hamar urte barru gaur 45 urterekin EH Bilduri ematen diotenek?

Oharra. Kontuz atzerrian bizi direnen botoekin. Bizpahiru eserleku jabez alda daitezke, EAJ-PSE gehiengoa arriskuan jartzeraino. Araban, EAJk bat ken diezaioke EH Bilduri; eta PSEk bi gal ditzake, Sumarrekin Bizkaian eta EH Bildurekin Gipuzkoan. Apirilaren 26ra arte itxaron beharko da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.