martxelo otamendi

Euskal Irratiak arriskuan

2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Pantxoa eta Pello kantariek erakutsi ziguten Baionako suprefetak buruan zuela kasketa, eta berarentzat itsusia zela Euskal Herriko boneta. Iduri luke suprefeta hark –eta ondoren izan direnek– euskal boneta maite ez zuen bezala, Frantziako lehen ministro izendatu berriari –Michel Barnierri– ez zaiola laketgarri Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan ezker frantziarrak eta EH Baik egindako elkarlanaren emaitza: hiru diputatuetatik hirurak eskuratu zituzten.

Zekena, eta elitista, izan beharra dago Frantziako aurrekontu proposamenean tokiko irratiei bizirauten laguntzeko diru poltsa %35 murrizteko —11 milioi euro—, horrekin Frantziak daukan zulo ekonomikoa konponduko balu. Zekena, aurreztu nahi duen diru kopurua huskeria delako Frantziako aurrekontuaren barruan; eta elitista, 2025eko aurrekontuetarako agindu duen mozketa orokorraren aitzakiarekin harentzat ezdeusa diren komunikabide komunitarioak oso egoera larrian uzten dituelako.

Ipar Euskal Herrian euskaraz lan egiten duten lau irratiei —Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegi eta Amikuzeko Irratia eta Xiberoko Boza— egingo die kalte larria murrizketak.

Elkartasunarekin erantzuteko ordua da, iraganean beste auzi batzuekin egin den bezala, herritarrak eta tokian tokiko erakunde publikoak elkar hartuta: presioa egin Parisek atzera egin dezan. Hego Euskal Herriko herritarren eta erakundeen ordua ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.