Aspaldikoa da Katalunian Euskal Herriko egoeraz daukaten jakin-mina, eta, behin informazioa eskuratuta, eskaintzen duten elkartasuna. Arlo askotan gertatzen da hurbilpen hori, baina politika da, hitzaren zentzu zabalean hartuta, interesik handiena pizten duena. Elkartasunaren tinkotasuna erakusten duten nahi adina adibide topa ditzakegu azken hamarkadotan.
Torturari buruzko hiru eguneko jardunaldiak egiten ari dira asteburu honetan Bartzelonan, Euskal Etxeak, L’Anonima independentziaren aldeko casal-ak eta La Zitzania ateneoak antolatuta. Egitarau oparoa prestatu dute, Euskal Herriko eta Kataluniako tortura kasuak aztertzeko.
Sakanako torturatuen lekukotasunekin eta gaiari buruzko hainbat adituren azalpenekin taxututako Argitzen dokumental argigarria eman zuten herenegun L’Anonima casal-ean, aretoa leporaino beteta. Atzo, Euskal Etxean, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareko bi kidek hitz egin zuten, Bi arnas dokumentala proiektatu ondoren; eta, jardunaldiei bukaera emateko, mahai ingurua egingo dute gaur Kataluniako eta Euskal Herriko torturatuekin.
Eskertzekoak dira, beste behin, lagun katalanek gure herriarekin erakutsi dituzten interesa eta laguntza. Urteetan ehundutako harreman solidarioa ez da eten. Beti eztabaida dezakegu haiengandik hartzen dugun elkartasuna neurri berean itzultzen ote diegun katalanei.