Oso izenburu onbera aukeratu du zutabegile honek Europaren jokabidea izendatzeko. Ezer izan nahi du Europak, edo ez du ezer izan nahi? Zer rol jokatu nahi du gero eta trumoi hodei itsusiagoak erakusten dituen nazioarteko politikan? AEBak, Txina eta Errusia dira munduko jokalari nagusiak, eta haiekin laukotea osatu nahiko nahiko luke Europak, baina ezin du, edo ez du nahi.
Aurreneko hiru jokalariak batuta dauden herrialdeak dira, ez dira estatu txikien batura, hau da, estatu bakarra dira eta gobernu zentralak erabakitzen ditu politikaren lerro nagusiak; garrantzitsuenetako bat, nazioartean zer rol jokatu nahi duten, besteak beste.
Nola joka lezake estatu bakar bat balitz bezala jokatzea gustatuko litzaiokeen Europak, estatu bakarra ez izanda? Ezin du, eta hori erakusten du nazioarteko gatazka bati aurre egin behar dion aldiro; Israelek Palestinan egindako sarraskia da adibide egokia. Gerta dakiokeen okerrena gertatzen ari zaio behinola indarra eduki zuen Dama Zaharrari: inork ez du espero, ez da agertzen jokalekura, ez du gainditzen adierazpen gezen marra.
Hogeita zazpi estatuk osatzen dute Europako Batasuna. Inork pentsatzen al du horrenbeste interes desberdin dauzkaten estatuek nazioarteko politika bakar bat eraman dezaketenik?
Ez dakite nola jokatu Donald Trumpekin.