Europako motor ekonomikoa izan da —eta da, nahiz ahul samar dabilen—, eta motor politikoa ere bai. Hamarkadaren arabera, Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin partekatu ditu titulu horiek; adiskideki batzuetan, eta haserre besteetan. Hauteskunde orokorrak dauzka Alemaniak igandean, eta aukera polita izango da ikusteko ea alemaniarrek ere hartzen duten frantziarrek eta italiarrek hartu duten bide politikoa, alegia, indar handia ematea eskuin muturrari.
Nazien garaiko pentsamendua ez da sekula desagertu alemaniar batzuen burutik, baina oso bazterrekoa izan da mugimendu hori azken hamarkadotan, eta garai batean Mendebaldeko Alemania esaten genion lurraldean azaleratu zen batik bat. Bi Alemanien batasunak Ekialdeko Alemanian eragindako krisi sozioekonomikoak, aitzitik, lurralde horretara hedatu du urteotan eskuin muturra. Sobietar Batasunak babestutako ekonomia zaharkitua zeukan Ekialdeko Alemaniak, eta milioika herritarrek pairatu zituzten bat egitearen ondorio ekonomikoak: pobrezia, langabezia, bigarren mailako alemaniarrak izatea... Lur ongarritua prestatu zioten eskuin muturrari.
Inkestek CDU kristau-demokratari ematen diote garaipena, eta Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturrari bigarren postua, Elon Muskek hauspotuta. Noraino jaitsiko dira kantzilergoan dauden SPDko sozialdemokratak?