Eusko Legebiltzarrean ostegunean Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko inbestidura saioaren gai izarra izan zen: —sekula iristen ez den— estatutu berria. Berrogei urte baino gehiago igaro dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek Gernikako Estatutua izenarekin ezaguna den autogobernu legea onartu zutenetik. Koma baten aldaketa ere ez du eduki testu zahartuak.
Askotan aipatu zuten osoko bilkuran estatutu berriaren beharra EAJko, EH Bilduko, PSEko eta PPko eledunek; ez denek, noski, helburu berarekin. Urteak daramatzate estatutu berriaren bultzatzaileek, EAJk bereziki, duela urte batzuk sartu ziren atakatik nola atera ez dakitela.
Baloiarekin zer egin ez dakien errugbi jokalariaren modura, ostikoa eman eta aurrera bota dute behin eta berriro egitasmoa: lantaldera joandako hizlariak, alderdien konfiantzazko adituek osatutako taldea… Zuzenbide terminologia erabilita, luzapen maniobrak.
Denak jakitun dira bi zailtasun nagusi dauzkala egitasmoak. Lehena, oso zaila izango dela EAJ, EH Bildu eta PSE ados jartzea. Bigarrena, ez dagoela Espainian estatutu anbiziotsu bat onartzeko egokiera politikorik.
Eledun abertzaleak baino gutxiago ez izateko-edo, aspaldi buruzagi sozialista bati entzuna ez genion «Gora Euskadi» oihuarekin bukatu zuen Eneko Anduezak ostegunean bere mintzaldia, askoren harridurarako.