Dimisioa eman du, berak hala aitortuta, Emmanuel Macron lehendakariak adierazi diolako beste lehen ministro bat nahiko duela Frantziako Gobernuaren politika nagusiak diseinatu eta aurrera eramateko.
Orain arteko lehen ministro Elisabeth Bornek bazekien lehendakariak halako batean adieraziko ziola aldaketa, eta modu elegantean irtetea erabaki du, alegia, frantses hizkuntzatik beste hizkuntzetara igaro den politesse kontzeptua praktikatuta: Macron kargugabetzera behartu gabe.
Oso harreman txarra eduki du Bornek oposizioko alderdiekin, ezkerrarekin bezala eskuinarekin. Immigrazio lege berria onartzeko kudeaketan, lorpen bitxia dauka lehen ministro ohiak, oposizio osoa bere egitasmoaren aurka jartzea lortu baitzuen. Egun horietan hasi zen Macron Borneren eskela politikoa idazten.
Macronek berak iragarri zuen, behin Asanblea Nazionalak lege hori onartuta, Frantziako Auzitegi Konstituzionalera eramango zuela, uste zuelako legearen artikulu batzuk ez zetozela bat konstituzioarekin. Eskuin tradizionalaren, eskuin muturraren eta Macronen alderdiko diputatuen botoekin onartu zuten legea, baina Macronen alderdiko diputatuen laurdenek aurkako botoa eman zuten.
Non ikusi da lehendakari batek konstituzionalera eramatea bere alderdian onartutako legea?