Europako eskuin muturrean dauden alderdi nagusiek batzarra egin dute Madrilen, igaro berri den asteburuan. Espainiako Vox alderdia izan da batzarra prestatu duen anfitrioia, eta badirudi bete dituela bere helburuak.
Europako Legebiltzarrean hirugarren indarra da Patriots taldea, eta bere barruan biltzen dituen eskuin muturreko alderdietako buruzagi garrantzitsuak eraman ditu Madrilera: Hungariako lehen ministro eta Europako Batasunean buruko min handiena sortzen duen Viktor Orban, Frantziako presidentea izatetik gertu dabilen Marine Le Pen, eta Italiako Gobernuko bigarrena, Mateo Salvini.
Donald Trumpek AEBetako hauteskundeetan eduki duen garaipenak haizea eman die Europan haren erreferentzia izan nahi duten alderdioi. Trumpen lehentasunezko adiskide ideologikotzat aurkezten dute beren burua, eta ohore hori ostu diete historikoki oraintsu arte Alderdi Errepublikanoaren lagun izan diren eskuineko alderdi europarrei: PPri Espainian, betiko eskuinari Frantzian, kristau-demokratei Italian, CDUri Alemanian…
Frantziako presidentetzarako 2022ko hauteskundeetan azaleko mezua bigundu zuen Le Penek, zaila ikusten zuelako bigarren itzulian irabaztea betiko ideologia gogorrarekin. Sektore batzuetan haren alderdiak sortzen duen beldurra arin lezake Madrilgo eskuin muturrekoen batzarrean parte hartuta?