martxelo otamendi

Eskola edo infernua?

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lekukotasun beldurgarriak ari zaizkigu iristen egunotan Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa eta Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe erlijiosoetatik. Bi eskola horietan ibilitako ikasle ohiak taldeak osatu eta eskola haietan pairatutakoa kaleratzen ari dira, izua sortzen duten gertaerak jakinaraziz.

Eskola horien helburua ikasleak kristautasunaren irizpideekin heztea bazen, alegia, bizitza zuzena eramanda infernutik libratzea, nork esango zien ikasleak eskola horietara eraman zituzten gurasoei infernua eskolan bertan biziko zutela ikasleek: mespretxuak, zafraldiak, zigor fisiko gogorrak, bortxaketa bat… 

Nola jazo liteke horrelakorik eskola batean? Jokabide hori onartezina da edozein eskolatan, izan publikoa edo bestelakoa, baina are onartezinagoa da erlijiosoen eskola batean gertatzen bada, irakasle erlijiosoek beraiek eginda. Ez du balio, egileen erantzukizunaren aringarri gisa, argudiatzea garai haietan ohikoa zela jokabide hori eskoletan, eskola askotan gertatzen zela, eta orduko kultura sozialean naturaltasunez txertatuta zegoela. 

Jarrera hura eduki zutenek ez daukate beste aukerarik. Egindakoa onartu, eta jokabide hura gaitzetsi. Eta eskola erlijiosoen dotrinan barkamena balio handiko kontzeptua denez gero, barkamena eskatu gehiegikeriak pairatu zituzten ikasleei eta familiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.