Donostia Kulturak, Adarra saria emanez, kantagintza alorreko artista bat saritzen du. Hamar sari eman ditu, eta aurtengoa gaur emango diote sariaren erakusleihoan lehentasunezko lekua irabazia daukan talde bati, Errobiri. Lehentasuna hitzaren bi adieretan, aitzindariak izan zirelako doinu modernoak gitarra akustikoekin jotzen, eta egin zuten ekarpenagatik. Handitzen ari da Adarra sariaren erakusleihoa (Hall of Fame), musikaren sari nagusia bihurtuta.
Zubi lana egin zuen Errobik, pasabide musikal baten bidez lotu zituelako hastapenetako euskal kantagintza modernoa ondorengo taldeekin. Modernizatu egin zuten kantagintza modernoa, ez bakarrik musikaren ikuspegitik, baita musika eskaintzeko moduaz ere: bikote hasi, eta denbora gutxira osatu zuten taldea.
Errobik asmatu egin zuen doinu berriak garaiari zegozkion hitzekin elkartzen. Kantarien lana aitortzeko orduan, askotan, era injustuan, ahaztu egiten gara hitzen egileekin. Daniel Landart idazlearenak dira Errobiren hasierako diskografiaren letra gogoangarriak, eta merezi du Landartek aipamena.
Etxe batean, nork ez du maite
beti kantuz ari dena?
Baina kantua, ez da ez aski,
egin behar ere lana!
Gaurko kantu hau izan dadila
gure lekukotasuna…
Burruka gaiten irabazteko
Euskadin askatasuna!