Atzo jakinarazi zituen Naziometroak euskal estatuak daukan babesari buruz egindako inkestaren datuak: %35,2 alde dago, erreferendum legalaren bidez lortzen bada.
Inkestaren emaitza bera izango zatekeen baldin eta Quebecek 1995ean, Eskoziak 2014an eta Kataluniak 2017an egindako erreferendumetan independentzia lortu eta Parisen egin berri diren Olinpiar Jokoetan hiru nazio horien selekzioak ikusi bagenitu? Eskozian —%44 independentziaren alde—, emaitza hobea izango zatekeen Quebecen independentziazaleek irabazi balute —%49,42rekin galdu zuten—. Eta Kataluniakoa debekatzea zailago edukiko zukeen Madrilek.
Hamar urte beteko dira gaur Eskoziako erreferendum baimendua egin zenetik. Geroztik, prozesuaren motorra, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala, eskandaluen eraginez burua altxa ezinik dabil: Alex Salmond buruzagiaren aurkako sexu-eraso salaketak, haren ordezko Nicola Sturgeonen dimisioa, oso emaitza txarrak Erresuma Batuko azken hauteskundeetan (48 eserlekutatik 9ra)... Orduko lehen ministro David Cameronek kargua utzitakoan aitortu zuen galdeketa hura onartzea izan zela bere bizitza politikoko okerrik handiena.
Quebeceko erreferendum legalaren gidaria —PQ Alderdi Quebectarra— ez da orain botoen %15era iristen.
Ondorioa? Trena behin pasatzen da; ez bada harrapatzen, urte askotarako galtzen da, eta motorra gripatu egiten da.
Kataluniara begiratu besterik ez dago.