Azkar erreakzionatuta zuzendu ditu Alex Sarduik komunikabide batean egindako elkarrizketan musikaren arloan emakumezkoek jasaten duten diskriminazioari buruz esandako hitz okerrak eta bi aldiz gogoetatu gabekoak. Gatiburen kantariak, justu taldeak bere ibilbideari bukaera emango dion iragarpena egin duenean, esan du ez dela egon emakumeekiko diskriminaziorik bera mugitzen den arloan: «Ez da sekula egon». «Sekula ez» indargile hori gabe ere gogorra da baieztapena, indargilearekin are gehiago.
Adierazpen horiek erraz ulertzen den sumindura eragin diete musikaren esparruan lanean dabiltzalako genero diskriminazio hori ikusi eta jasan duten emakumeei. Errealitate baztertzaile eta injustu horren berri ematen duen agiria kaleratu dute haietako 150ek, eta luzea da geroztik agiriarekin bat egin dutenen zerrenda.
Sarduiren hitzek ispiluaren aurrean jartzen gaituzte gizonok, eta beste behin gogoratzen digute, ahaleginak ahalegin, denok bide luzea daukagula egiteko begi bistan daukagun eta ikusten ez dugun errealitatearen tamainaz jabetzeko; normalizatuta eduki ditugun jokabide batzuk, mikro batzuetan makro besteetan, onartezinak direla eta desaktibatu egin behar ditugula azkar batean.
Ba ote dago emakumeak diskriminatuta ez dauden esparrurik? Ez, gizonoi begiak irekiarazi dizkiguten emakumeek behin eta berriro gogoratu eta erakutsi digutenez.