Joaten ari zaigun belaunaldi bateko kidea izan da Erramun Baxok euskaltzale nekaezina. Eta belaunaldi guztietan gertatzen den bezala, aurrekoek landutakoa hartu eta hobetzeko ahalegina egin zuen; baita lortu ere. Zubia izan da aurrekoen eta atzetik datozen gazteagoen artean, katea eten ez zedin.
Baxoken belaunaldiak ezagutu du, pairatu ere bai, euskarak gizarteko oso esparru gutxitan presentzia zeukan garaia. Edukitzekotan, etxeetako familia giroan, herri txikietan eta euskaltzaleen ingurumarietan. Garai bereko euskaltzaleekin batera lan handia egin zuen euskara hedatu eta ordura arte egon gabeko lekuetan egon zedin, eta lortu zuten. Asko falta da oraindik euskara egoera normalizatuan egoteko, baina gutxiago Baxokek eta konpainiak, oso egoera zailean, egin zuten lanari esker.
Euskararen soziolinguistikak asko aurreratu zuen Baxoken lanek bultzatuta, aitzindari nagusietakoa izan baitzen gure herrian ezagutza horretan. Gaurko soziolinguistika modernoaren oinarriak jarri zituen.
Dena da erlatiboa, baina hartu zuenean baino egoera hobean utzi du Baxokek euskara Ipar Euskal Herrian. Aurrerapen kualitatiboa egin du, kuantitatiboan jauzia egin behar du orain.
Zor diegu Baxoki eta haren asmokideei euskarari eman zioten aurrerapena guk biderkatzea. Haiek adinako kemenari oraingo ezagutza eta tresna egokiak aplikatu behar.