martxelo otamendi

Erkoreka ez da tertuliakide bat

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Zuzena da Segurtasun sailburu bat —Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka kasu honetan— espekulatzen aritzea prentsaurreko batean nor ote den azkenaldian jazotako kale istiluak bultzatzen ari den ezkutuko eskua? Espekulatzen eta iradokitzen. Alderdi bateko buruzagiak joka lezake horrela, edo tertuliakide batek, ez baina sailburu batek.

Istilu horiek alderdi baten «dendaostean» antolatzen diren susmoa adierazi zuen Erkorekak. Eta aipatu ez zituen sigla horiek EH Bildu zirela ulertu zuten prentsaurrekoaren kronika jorratu zuten bost egunkarik, haien webguneetan egindako kroniketan irakur zitekeenez. Erkorekak bazekien, ederki jakin ere, «erakusleihoan irudi zibilizatua» eman eta, estrategia beraren osagarri, kale istiluak eragiten zituen siglez hitz egitean, denok ulertuko genuela EH Bilduz ari zela.

Benetan uste du Erkorekak EH Bilduk erabat bateraezinak diren bi estrategia dauzkala indarrean? Alegia, goizez akordioak lortu Espainiako eta Nafarroako gobernuekin eta bilerak egin Ipar Irlandako lehen ministroarekin eta Sinn Feineko lehendakariarekin, eta arratsaldez kale borroka antolatu?

Ez da izango, nola edo hala, zikindu egin behar dela apirilaren 21eko hauteskundeetan lehiakide gertukoa izango zaion EH Bilduren irudi gero eta hobea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.