Ziklikoak dira krisiak alderdietan, normalean hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek eraginda. Ziklo horretan sartzeko arriskuan dago ERC, igandeko emaitza eskasen ondorioek bultzatuta.
Sona handikoak dira azken hamarkadetan alderdiak eduki dituen barne arazoak. Ordezkapen traumatikoak eduki dituzte maiz: Angel Colom eta Pilar Rahola baztertu zituen Josep Lluis Carod-Roviraren taldeak 1996an, eta Carodek bazterketa bera jasan zuen Joan Puigcercosen eskutik 2004an… Ez Colom, ez Rahola, ez Carod ez dira gaur egun ERCko militanteak.
2011n hartu zuen Oriol Junquerasek alderdiaren ardura, eta orduz geroztik bake giroa nagusitu da alderdian. Broma moduan esanda, horrela azaldu ohi dute alderdikide batzuek nola iritsi zen Junqueras alderdiaren buruzagitzara: Europarlamentaria zen 2011n, afiliatu gabea; hartu zuen hegazkina Bruselan, hegaldian afiliatu, eta Bartzelonako aireportura iristerako alderdiko lehendakaria zen.
Igandeko emaitza txarrak ikusita, enegarren krisiaren atarian dago ERC? Goizegi, eta inorekin adostu gabe, esan zuen Pere Aragonesek igande gauean ERC oposiziora joango zela, eta lehen lerroko politika utziko zuela astelehenean. Berehala erantzun dio oso adiskide ez duen Junquerasek, garbi utziz berak lehendakari karguan segitu nahi duela.
Eutsiko dio Junquerasek berak ere joan behar duela diotenen presioari?