martxelo otamendi

Epaiketa espraiari

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Epaitegietatik atera ezinda dabil aktualitatea Ipar Euskal Herrian. Bakegileak ez direnean, euskararen aldeko militante bat da. «Euskaldun izatea zein nekeza den» idatzi zuen poetak esan zuenaren bidetik, Frantziako justiziak gogoratu nahi digu gure patua togadunez inguratuta bizitzea dela.

Gorka Torre zigortu berri du Baionako Auzitegiak osasun etxe batzuetan —Izpuran eta Donibane Garazin— euskararen aldeko pintaketak egiteagatik. Justizia arrotzak euskararekin daukan zero sentsibilitatearen erakusgarri, epaileek ez zioten Torreri aukerarik eman itzultzailearen bidezko deklarazioa egiteko.

Egunen batean aitortuko zaie herri honetan Antton Olariagak behinola sortu zuen Hormasprayko pertsonaiaren jarraitzaileei, espraia eskuetan hartuta, euskararen normalizazioari eman zioten bultzada. Gaztelaniaz eta frantsesez zeuden errotulu asko euskaraz ere jarri zituzten esprailarien lanaren ondorioz, herri erakundeetako arduradunen lotsarako. Lan ezerosoa, isunak jasotzeko bide zuzena zelako.

Torre bezalako militante asko behar ditu euskarak, arriskuak hartuko dituztenak eta zigorrak pairatzeko aukera hartuko dutenak —Torreri 500 euroko isuna eta hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, gibelapenarekin—. Haserretzen jakin behar dugu.

Ezin ditugu bakarrik utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.