Denbora dezente darama PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak batean eta bestean esaten Euskal Herriko subiranotasuna ez dagoela herritarren kezken artean, eta subiranistak oso libre direla nahi dutena egiteko haien utopiekin, baina ez harengana jotzeko desira horren aldeko babesa eskatzen. Euskal gizarteak jorratu eta konpondu beharreko beste arazo errealago batzuk badauzkala, herritarrei egindako inkestek adierazten dutenez.
Andueza ahal duen aldiro ari da mezu hori zabaltzen, bai baitaki hurrengo hilabeteetan berriro —zenbatgarren aldiz?— piztuko dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autonomia estatutu berriaren eztabaida alderdi politikoen artean, eta ahalegin horretan, a priori, testu berrian erabakitzeko eskubidearen alde egingo dutela EAJk eta EH Bilduk. Hori baita biek ala biek aurreratu dutena.
Egutegi politikoa nola datorren Anduezak bezain ongi ezagutzen duelako abiatu zuen joan den larunbatean Gure Esku-k Bilbon egindako ekitaldian Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki leloa daraman kanpaina. Ekainaren 7an Bilbon egin nahi duten mobilizazio handi batekin bukatu nahi du Gure Esku-k kanpaina hori.
Ekainaren 7an edukiko dute aukera paregabea Bilbon herri honetako subiranistek erakusteko Anduezari subiranotasuna ez dela afalosteko apeta hutsa, herri honetan kontsentsu handia biltzen duen eskaera dela.