Hitz batzuen erabilera estazionala da; zabaldu bezala ezkutatzen dira gure ahotik, sortu zituen arrazoia desagertzen denean. Hori da egonkortu hitzaren kasua, azken hilabeteotan administrazio publikoan lan egiten duten langile ez-finkoen artean maiztasun handiarekin erabiltzen ari dena: etsipena gainditzen ez dutenentzat, zorion perfektuaren atea gainditzen dutenentzat. Lanpostua galduko dute lehenek, eta betiko irabaziko bigarrenek.
Azken urteotan ugaldu egin dira euskaltegietan egonkorlariak, hau da, matrikula egitera joan eta «kaixo, egonkortze prozesu batean sartuta nago, eta C1 maila gainditzea eskatzen didate» esanez beren burua aurkezten dutenak.
Administrazio publikoko langile ez-finkoen kopuru lotsagarria murritzarazteko helburuarekin ebazpenak kaleratu dituzte epaitegiek, eta agindu bat baino gehiago eman Europako erakundeek. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek gori-gori jarri ditu egonkortze prozesuetan sartuta dauden langileen, sindikatuen eta prozesuak kudeatzeko ardura daukaten herri erakundeetako arduradunen txatak.
Ebazpenak dio, bi hitzetan esanda, aukera berdintasunaren aurkakoa dela deialdi publikoa egin gabe finko ez diren langileak egonkortze prozesu baten bidez automatikoki finko egitea. Zer gertatuko da egonkortze prozesua berriki gainditu dutenekin?
Beste korapilo bat lehenagotik nahikoa badauzkan matazari.