Ez dute jeltzaleek horren gustukoak dituzten egoitza modernoetako bat aukeratu alderdiaren bederatzigarren Batzar Nagusia egiteko, aspaldi horrelakorik hartu ez duen toki batean egingo baitute, Donostiako Atano III.a frontoian, asteburu honetan. Kutsu sinboliko handia dauka aukeraketak: areto handien falta zirenez gero trantsizioan mitinak egiteko asko erabili zen frontoi horretan eman baitzuen Xabier Arzalluzek Franco diktadorea hil ondorengo lehen mitin legalizatua, 1976ko ekainean.
Mitin historiko hartan, Arzalluzen aurretik alderdiak bereganatu nahi zituen afiliatu gabeko gazte abertzale batzuen izenean 24 urteko mutil batek hitz egin zuen; baina gazteak esandakoak Arzalluzen ustez oso erradikalak izan zirenez, mitin hartan hasi eta bukatu zen gazte haiekiko hurbilketa operazioa.
Batzarra egiteko lekua aproposa da pilota azkar mugitu eta ustekabean emaitza iraultzeko, baina ez du ematen ez bata eta ez bestea gertatuko denik, atzelarien joko astuna nagusituko delako alderdia barrutik modernizatzea eta gizartearentzako eskaintza berritzea helburu daukan batzarrean.
Aitor Estebanek hartuko du Andoni Ortuzarrek utziko duen ardura, saihesgarria zen lehia burugabe baten ondoren. Ortuzarrek dio pozik doala alderdiak erakundeetan daukan indarragatik, ahaztu egiten zaio esatea boto galera handiak jasan dituela azken hauteskundeetan.