martxelo otamendi

EAJ garaile Groenlandian

2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hauteskunde ondorengo inkestak ez badu argitzen, ez dugu jakingo Groenlandian egin berri dituzten hauteskundeetako emaitzen iraulketa zeren ondorioa den; izan ere, oposizioan zegoen alderdiak —Demokraatitek—  zortzi punturen aldearekin irabazi baitizkio ustekabean hauteskundeak gobernuan zegoen alderdiari —Inuit Ataaqatigit alderdi sozialistari—, aurreko emaitza hirukoiztuta.

Barne arrazoia izan da edo kanpokoa? Gobernuan egoteak laguntzen duen edo kalterako den, higatzen duen edo ez, herritarrek botoa eman eta gero jakiten da. Baina badago pisuzko arrazoi bat —kanpokoa kasu honetan— azaltzeko Groenlandiaren independentzia lortu bai baina modu lasai batez lortu nahi duela dioen alderdi moderatuaren garaipena.

Urteak zeramatzan Groenlandiak komunikabideetan asteotan hartu duen protagonismo pasiboa bereganatu gabe. AEBetako presidente Donald Trumpek behin baino gehiagotan adierazi du Groenlandiaz jabetzeko asmoa, eta badirudi mehatxu horrek sortu dituen kezkak eta ziurgabetasunak bultzatu dituela groenlandiarrak orain arte bezala segitzea proposatu dien alderdiari botoa ematera. Hotz handia egiten du Groenlandian Danimarkako zati direla. Independentziarekin, hotz geopolitiko handiagoa aurreikusi dute groenlandiarrek.

Umore pixka batekin esanda: Groenlandian, EAJk irabazi dizkio hauteskundeak EH Bilduri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.