Helburuak zehazten du lortu nahi dena, eta ondoren dator izena jartzea. Sekula modu iraunkorrean berritzen ez den fiskalitateak protagonismo handia hartu du asteotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikan, erakunde nagusiak —Eusko Jaurlaritza eta aldundiak— kudeatzen dituzten EAJ eta PSE behartuta baitzeuden hiru herrialde horietako fiskalitatean aldaketak egiten zituztela erakustera.
Eremu politiko horretako ia alderdi guztiak bat datoz fiskalitatea aldatu egin behar dela proposatzeko orduan; aldaketaren nolakotasunean eta sakontasunean datza, ordea, aldea, eta alde hori, askotan ikusi dugunez, ez da batere txikia. Berrikuspen fiskala egitea proposatu zioten oposizioari EAJk eta PSEk, eta aspaldi egiteke dagoen erreforma fiskala egiteko proposamenarekin erantzun zien EH Bilduk.
EAJren, PSEren eta EH Bilduren arteko akordioa ezinezkoa izango zela ohartuta, azken egunetan Ahal Dugu aldera biratu zuten lehen bi alderdiek akordioaren satelitearen orientazioa, moreek jarrera harbera edukiko zuten itxaropenarekin. Eta ondo atera zaie aldaketa, Ahal Dugu-k babestu egingo duelako hiru batzar nagusietan EAJk eta PSEk proposatuko duten testua.
Denborak erakutsiko digu hirurek lortu duten akordioa fiskalitatera mugatuko den edo aurrerago joango denetz. Pozikago agertu dira EAJ eta PSE, Ahal Dugu baino.